Jan aberatsak, jagon abereak!
Abuztua amaitu barik, sekulako aje emozionalarekin gabiltza.
Geure Aste Nagusia amaitu da, geure txosna maitea desegin dugu, eta oraindik ez dakigu oso ondo non gordeko ditugun bizitako une polit guztiak.
Poltsikoetan aurkitzen ditugu oraindik duela astebete ginen izakien zantzuak: brida bat, ezpainak margotzekoa, kortxoak kentzekoa, 70 mosketoiren faktura bat, telefono zenbaki batez margotutako pegatina bat, beste bat eta beste bat, eta kufiya izan nahi duen jaietako zapia.
Urte osoko lanaren ostean, astebete luzea izan dugu Bilboren zatitxo bat geure egin eta bertatik dugun onena eskaintzeko.
Kontzertuak eta tailerrak programatu ditugu, barre algarak bota ditugu, izerdi asko bota dugu, bilbotarrei edari freskoak zerbitzatu dizkiegu, besarkada pila bat eman dugu, muxuren bat ere, “Jan aberatsak” oihukatu dugu, menu begano oso bat eskaini dugu, eta animalien sufrimendurik eragin gabe oso ondo bizi gaitezkeela erakutsi diogu munduari.
Azken hori da zailena, baina piztikide guztiak batzen gaituena.
Lana dugu oraindik, panelak ordenatzen, hanketako ubeldurak sendatzen, tresnak konpontzen, eskuetatik kristaltxoak ateratzen, kolaboratzaile eta lagunei eskerrak ematen eta datorren Aste Nagusirako zer hobetu dezakegun hausnartzen.
Azken hilabete honetan elkarrekin eta bilbotarren eskutik bizi dugunak, baina, jaiak antolatzen jarraitzeko eta animalien askapena eskatzen segitzeko bultzada bat izan da.
Gora Aste Nagusia!
Guztiok libre izan arte, gora borroka antiespezista!
Aste Nagusia
Piztiak konpartsa antiespezistarekin