Maialen Sagues (NOR): “Goseak akabatuak herramienta bat da oinarri politikoak zabaltzeko eta euskal mugimendu politiko antiespezista eraikitzeko”

NOR antiespezista kolektiboak Goseak akabatuak: animalien eskubideen ekonomia politikoa liburua euskarara ekarri berri du, jatorriz, Bob Torres idazlearen Making A Killing: The Political Economy of Animal Rights, 2007an argitaratutakoa. Liburu honek azaltzen du gizarte kapitalistak gizakiz besteko animaliak nola tratatzen dituen: merkantzia huts gisa, ekoizkin superrexplotatu gisa. Argitalpena kaleratu eta hilabete eskasera, NOR antiespezistako Maialen Saguesekin bildu gara Bilboko Anti liburudendan, liburuaren aurkezpenaren ostean, apur bat gehiago sakontzeko.

Azken urteetan, antiespezismoa ikuspuntu ezberdin askotatik jorratzen duten hainbat liburu argitaratzen ari dira. Zergatik erabaki duzue Goseak akabatuak itzultzea, edo zergatik da interesgarria?

Aterpetuak argazki liburua kaleratu genuenetik, Ochodoscuatro argitaletxe antiespezistarekin oso harreman ona dugu eta katatogo oso interesgarria dute, mimo handiz ekoitzia eta oso material potentearekin. Hori dela eta, katalogoan dituzten liburu batzuk aztertu eta hautaketa bat egin genuen. Iruditu zitzaigun momentua zela eta prest geundela mugimenduari herramienta potente bat emateko; testu liburu bat, sakona eta ideologikoki gauzak mugitu ahal zituena. Liburu honek antiespezismoaren oinarri batzuk planteatzen ditu eta hausnartu egiten du animalien tokia edo rola zein den gizarte honetan, sistema kapitalista honetan. Oso potentea iruditzen zitzaigun hori.

Liburu honek hausnartu egiten du animalien rola zein den gizarte honetan, sistema kapitalista honetan

Zein da liburuaren helburua?

Goseak akabatuakek terminologia berri bat planteatzen du, baita animalientzako posizio bat ere, hots, animaliak material edo ekoizkin superrexplotatuak direla. Horrek azaleratzen du animaliek rol bat dutela sisteman, guztiz zapalduak daudela, eta erresistentziarako gaitasun oso urria daukatela (maila indibidualean soilik erresistitzen dutela). Gainera argi uzten du gizakiz besteko animaliei oso zaila zaiela gizakiekiko duten menpekotasunetik irtetea, eta haien existentzia jabeentzako etekinak sortzera mugatuta egoten dela.

Planteamendu hori oso potentea iruditzen zaigu, ulertarazten digulako animaliekin dugun harremana zein den, ez soilik maila pertsonalean, baizik eta gizarte honetan oro har zer gertatzen ari den animaliekin.

Bat egiten duzue liburuak dioen guztiarekin? Zerekin ez?

Ez. Ez dugu uste liburu honek erabateko erantzunik ekarriko duenik, edo antiespezismoaren irtenbiderik, baina uste dugu ideia berritzaileak eta potenteak dakartzala. Gainera, liburu honek, antiespezismoaren militantzien inguruko pasarte batean, ekintza zuzena eta beste estrategia batzuk inefektiboak edo txarrak balira bezala aipatzen ditu, eta NOReko kideok ez dugu horrekin bat egiten. Hala ere, uste dugu liburuak aportatzen duena beste gauza asko direla, beraz, liburua bere horretan itzultzea erabaki genuen, beti ere, kontu hori aurkezpenetan azalduta.

Zergatik erabaki duzue euskarara ekartzea?

Liburu hau itzultzea erabaki genuen NORen helburuen artean gauzak euskaraz ekoiztea dagoelako. Gure helburu nagusiak bi dira: Bata, materialak euskaraz ekoiztea; eta bestea, euskal talde antiespezistak batzea, beren arteko sarea sortzea. Mugimendu antiespezista tokian tokira moldatu behar den zerbait bezala ulertzen dugu, herri mugimendutik eraikitzen dena, era kolektiboan, eta Euskal Herrian tokian tokiko talde txiki asko daude. Hortaz, NORek bere tokia topatu zuen taldeen arteko gauza bateratutak egiten denongana iristeko eta elkar ezagutzeko, esate baterako, manifestazioak, formakuntza jardunaldiak eta abar.

Hori dela eta, ikusi genuen tresna bat behar genuela oinarri politikoak zabaltzeko eta mugimendu politiko antiespezista bat eraikitzeko gure herrian.

Norentzat gomendatuko zenuke liburua?

Esango nuke Goseak akabatuak ez dela antiespezismoaren inguruan irakurri beharreko lehen gauza, behintzat, beste arlo politiko batzuetan oso sartua ez bazaude. Liburu potentea da eta ideia oso potenteak mahaigaineratzen ditu, horregatik aukeratu dugu, baina konplexua eta sakona da.

Beharbada, beste herri mugimenduetako militanteek oso gustora irakur dezakete, ezagun zaizkielako terminologia eta planteamendu politiko batzuk. Liburu honek planteamendu horiek animalietaraino zabaltzen ditu. Hori da guretzat potenteena: sistema kapitalistaren kritikaren esparruan beste mugimendu batzuetan ezagutzen dugun diskurtsoa animaliekin ere lotzea. Horregatik, ez baduzu ezer entzun antiespezismoaren inguruan, hau ez da liburu errazena izango. Kasu horietan, gaira gerturatzeko, adibidez, Aterpetuak askoz goxoagoa izan daiteke.

Hala eta guztiz ere, Goseak akabatuak irakurketa potente bat da, eta norbaitek irakurtzeko gogoa badu, edozela ere gomendatuko nioke, asko ikasiko baitu.

Hori da guretzat potenteena: kapitalismoaren kritikaren esparruan beste mugimendu batzuetan ezagutzen dugun diskurtsoa animaliekin ere lotzea

Similar Posts