Fethallah Khenadeki: “Europa da guretzat askatasun handiagoaren mundua, horren bila etortzen gara”

Aljerian txitak haztetik, Bilbon aktibista antiespezista izatera igaro da Fethallah Khenadeki. Pateran egin zuen bidaia hori, eta, bere askatasunarengatik bizia arriskatu ondoren, orain, gizakiz besteko animalien askapenaren alde militatzen du.

Kontaiguzu, nor da Fethallah Khenadeki?
Aljeriako 30 urteko mutiko bat naiz, Bilbon bizi dena. Heldu nintzenetik, etorkinei laguntzen dion Peñascal fundazioarekin
ikastaroak egiten ditut; iturgintza, elektrizitatea, klimatizazioa, berogailuen zein eguzki-plaken teknikari
izatekoak egin ditut, adibidez. Arratsaldez, arlo horietako lanak egiten ditut fundazioarekin elkarlanean aritzen diren
enpresetan.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
Pandemia baino justu aurretik etorri nintzen, 2020ko urtarrilean. Latza izan zen, patera batean heldu ginen eta,bi hilabeteren buruan, dena itxi zuten, inguruko jendeak beldur handia zuen eta aterpetxeetan egiten genuen lo.

Nolakoa izan zen bidaia pateran?

Oso erosoa izan zen niretzat. Sei pertsona besterik ez geunden, eta motoreak potentzia handia zuen, beraz, 8 ordu eskasean heldu ginen Cartagenako portura. Bertan, poliziak jaso gintuen eta atxilotu; identifikatu egin gintuzten, eta hiru egunen buruan askatu, bakoitza bizitza berri baten bila. Guretzat, Europara etortzea, ametsa da, baina pertsona asko itsasoan hiltzen dira amets horren bila. Aipatu dut guretzat bidaia erraza izan zela, baina beste askok egunak igarotzen dituzte itsaso zabalean galduta lehorreratu baino lehen, edo hil egiten dira.

“Guretzat, Europara etortzea, ametsa da, baina pertsona asko itsasoan hiltzen dira amets horren bila”

Etorri zinenean norbaitek lagundu al zizun? Ezagutzen al zenuen bertako norbait?

Ez, asko sufritu nuen lehen hilabeteetan. Ez dizut esango bihotz gogorra dudanik, baina pazientzia handia izan nuen.
Gero, Gurutze Gorriko boluntario bat ezagutu nuen, nire irakaslea zen Bilbon. Konfiantza handia eman zidan, parrandan irteten ginen, gauza mordoa irakatsi dit.

Zein zen zure hasierako asmoa?
Frantziara joatea, horregatik etorri nintzen Bilbora. Gero, paperak nola lortu galdetzen hasi nintzen. Ia hiru urte dira, eta oso gutxi falta zait paperak eskuratzeko; langile autonomo izan nahi dut, baina Espainiako Estatuak Frantziakoak baino traba handiagoak ipintzen ditu; urtero berritu beharra dugu, baldintzak betetzen baditugu.

“Gurutze Gorriko boluntario bat ezagutu nuen, nire irakaslea zen Bilbon. Konfiantza handia eman zidan, parrandan irteten ginen, gauza mordoa irakatsi dit”

Zein hizkuntza hitz egiten dituzu?
Arabiarra da nire ama hizkuntza eta frantses apur bat dakit. Hona iristean, ez nekien bat ere gaztelaniarik, eta Bilbon harrera egin zidan fundazioan ikasi nuen. Orain, ingelesa ere ikasi nahi dut, edo frantsesa hobetu, hizkuntzak ikastearen plazer hutsagatik.

Zergatik erabaki zenuen zure herrialdetik ospa egitea?

Askatasun bila. Ni oso ondo bizi nintzen Aljerian, hemen baino soldata hobea nuen. Oso herrialde aberatsa dugu: petrolioa, gasa, urrea, eta lanpostu asko. Baina bertako gazteek, hemengoek bezala, bulegoetan egin nahi dute lan, ez tailerretan edo lehenengo sektorean. Kultura, gainera, oso ezberdina da, askoz mugatzaileagoa; gauza asko ez daude ondo ikusita, esate baterako, emakumeak gauez kalean ibiltzea edo ezkondu baino lehen sexu harremanak izatea; gizarteak asko zigortzen du hori. Europa da guretzat askatasun handiagoaren mundua, horren bila etortzen gara.

“Oso herrialde aberatsa dugu: petrolioa, gasa, urrea, eta lanpostu asko”

Zu zertan aritzen zinen lanean?
Ni soldadu izan nintzen anaiarekin batera, baina hark mina bat zapaldu eta oso larri egon zen. Orduan utzi nuen ejerzitua, eta, 3 urtez enpresa bateko segurtasun burua izan ostean, lursail batzuk erosi eta txita haztegi bat eraiki nuen. Soldatapeko hiru langile nituen, baina lan zaila da, oso ondo ezagutu behar da lanbidea txitak behar baino lehenago hil ez daitezen gaixotasunen batek jota.

Arrazakeriarik nabaritu duzu?

Arrazakeria handia dago. Tira, nik ez nuke ala esango, beldur dira, edo ez dakit nola azaldu. Ez dago hitzik hori deskribatzeko. Hemengo lagunekin irteten naizenean, oso ondo moldatzen naiz, baina bakarrik edo lagun arabiarrekin joaten naizenean, gaizki begiratzen didate. Lapurtzera gatozela uste dute, laguntzak kobratzera, pentsatzen dute ez dugula lanik egin nahi.

Faltan botatzen duzu gauza asko?
Ez dut nire kultura ahaztuko, baina hemen ez dut asko erabiliko ere. Moldatu beharra dut lagunak egin nahi baditut. Gauzak aldatzen ari naiz; adibidez, Aljerian, ez nuen antiespezista terminoa ezagutzen. Badago begetarianoren bat, osasuna zaintzeko halako dietarekin, baina ezer gehiagorik ez. Oraindik, kontzeptu arrotza da nire herrialdean. Nik hemen ezagutu dut, Gurutze Gorrian egin nuen lagunaren bitartez, eta, orain, talde antiespezista bateko kide naiz. Aldaketa nabarmena sumatu dut zentzu horretan; askotan, bide onetik goazela uste dugu, baina besteekin hitz egitean, zuzendu beharrekoak daudela konturatzen gara. Hemen gauza askoz konturatu naiz, askatasun handia dago, berdintasun handia.

“Hemengo lagunekin irteten naizenean, oso ondo moldatzen naiz, baina bakarrik edo lagun arabiarrekin joaten naizenean, gaizki begiratzen didate”

Similar Posts