Piztiak konpartsa antiespezista

Piztiak Bilboko konpartsa bat da, antiespezista. Bilboko Konpartsen federazioaren parte denez, Bilboko jaien antolakuntzan parte hartzen du: Aste Nagusian, Aratusteetan, Txosnaganeren igoeran, udako solstizioan eta San Tomasen, data garrantzitsu batzuk aipatzearren.

Konpartsa honek, aipatutako jaien antolakuntzan, gizakiz besteko animalien eskubideak, nahiak eta beharrak errespetatu daitezen lan egiten du. Horrez gain, jai herrikoi, partehartzaile, euskaldun eta parekideak aldarrikatzen ditu, zapalkuntza guztien aurka eginez.

Historia

2012an sortua, 2013an sartu zen Bilboko Konpartsen federazioan, animalien askapenerako mugimenduan ziharduten hainbat pertsona eta kolektiboren eskutik. Aurretik, aktibista horiek animalien egoerari buruzko kontzientzia pizteko mugitzen ziren, bazkari beganoak antolatzen zituzten eta bilera luzeak zituzten animaliei nola lagundu asmatzen saiatzeko. “Piztiak ezinegon kolektibotik jaio zen”, dio Oskar Melgarrek, konpartsaren hiru sortzaileetako batek, “denbora asko inbertitzen genuen gure diskurtsoa fintzen eta hitzaldiak eskaintzen, baina betiko astunak ginen, gure diskurtsoa ez zen erakargarria”. Orduan, Aste Nagusi batean, konpartsa bat sortzeko ideia izan, Bilboko Konpartsekin batzartu eta konpartsa bihurtzeko baldintzak biltzen hasi ziren.

Lehenengo urteak zailak izan ziren. Piztikide gutxi zeuden benetan aktibo eta txosna muntatzeko dirurik ere ez zuten sobera. Hala ere, oso ondo gogoratzen dute gainontzeko konpartsengandik jasotako laguntza, eta txosna muntatu zuten lehenengo urtea ere, 2014a. Urte horretan, gainera, Txupinera Piztiak konpartsakoa izatea suertatu zen auzaz, konpartsaren ikusgarritasuna zabalduz.

Animalistak

Konpartsak aktibismoa egiten jarraitu zuen, eta, 2017. urtean, Animalistak kolektiboa sortzeko beharra ikusi zuten. Ordura arte, Piztiakek Bilboko Konpartsetako lanez gain, aldarrikapenak kanpora begira ere egiten zituen, hots, manifestazioak, informazio-mahaiak, eta abar. Orduan, asanbladak Bilboko Konpartsetako ekintzak eta kaleko aktibismoa banantzeko beharra ikusi zuen. Horrela sortu zuen Animalistak kolektibo antiespezista, 2017tik, konpartsetatik bereizitako ekintzez arduratzen dena. Hala eta guztiz ere, Piztiak konpartsa amak eta Animalistak kolektibo alabak elkar elikatzen dute, lokala eta materialak partekatuz, elkar zainduz eta elkarrekin sortuz.

Hausnarketa prozesua

2019an, Piztiakek eta Animalistakek, euren ekintza guztiak bertan behera utzi zituzten ikasturte baterako, Bilboko Konpartsekin zerikusia zuten zereginak izan ezik. Horren helburua zera izan zen, bi kolektiboei oinarri ideologiko sendo eta intersekzionala ematea, gizakiz besteko animaliei laguntzen jarraitzeko, baina beste borroka sozial guztiak kontuan hartuta: feminismoa, antiarrazismoa, antikapazitismoa, euskararen normalizaziorako borroka, eta gainontzeko guztiak (ikusi “Ideia politikoak” ataleko diagrama).

2022an, Piztiak, berriz ere hasi zen Aste Nagusian txosna muntatzen, oraingoan, bere ideario politikoa finkatuta, eta, orduztik aldaketa nabarmenak izan ditu: piztikide berriak, diskurtso politiko findua eta txosna erraldoia, batzuk aipatzearren.

Ideia politikoak

Piztiakek munduaren ikuspegi intersekzionala du. Ondorioz, pribilegiodunen eta zapalduen arteko kontzientziaren arabera hartzen ditu erabakiak, gizakiz besteko animalien askapenean zentratuta egon arren, zapalkuntza ororen aurka egiteko.

Diagrama honek helburu du bakoitza bere pribilegioez jabetu, eta horren inguruko hausnarketa egitea.

Non gaude?

Aste Nagusi osoan zehar, gure txosna San Nikolas elizaren aurrean egoten da. Goizean bazatoz, tailerretan parte ahal izango duzu, zerbait hartu edota hamaiketako begano fina dastatu. Arratsaldez, tailer-jokoak, gynkanak, pintxadak eta beste hainbat ekintza aurkituko dituzu, eta, gauez, afari begano goxo-goxoa dastatu ahalko duzu, kontzertuez eta ikuskizunez gozatu bitartean.

Aste Nagusi honetan, etorri bisita egitera!