|

Bilboko aratusteetan hiltegiei su!

“Haragijaleen sekta” izeneko mozorroarekin konpartsen kategoriako 3. saria eskuratu dugu

Piztiak konpartsa antiespezistako kideok Bilboko Aratusteetako mozorro lehiaketako konpartsen 3. saria eskuratu dugu larunbat honetan “Haragijaleen sekta” izeneko mozorroarekin. Kapa beltzen azpian ezkutatuta, aurpegia eta guzti estalita, Kale Nagusi osoan zehar ibili gara eliza aldare batean kokatutako txuletoia gurtzen, “Nondik ateratzen dituzue proteinak?”, “Animaliarik jango ez bagenu, desargertuko liratezke” eta “Libres chulos y chuletones” lelopean. Plaza Biribilean kokatutako epaimahaiarengana iristerakoan, koreografia elezkantuekin hasi dugu, honako kantu honekin: “Txuletoia jaten dut, euskalduna naizelako / Txakur ta katuzalea / Bestelako animaliak hil eta jan / Nos dan igual”.

Ondoren, Sister Act filmaren soinu banda ospetsuaren erritmora, Haragijaleen sekta atzean utzi eta hiltegiak sutara bidali ditugu. Gerora, Plaza Barrian antolatutako sari-banaketan jakin izan dugu 3. saria egokitu zaigula. “Mezua, oro har, gizartearentzat deserosoa da, gizartea oraindik ere haragijalea delako, horregatik ez genuen saririk espero, eta erabat liluratuta gaude”, dio Ziortza Larreategi piztikideak, “Aldi berean, oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako mezuak normalizatzen joatea”, gehitu du.

Bigarren urtez jarraian, Piztiakek Aratusteetako sarien podiumean sartzea lortu du. Iaz, langabezian dauden toreatzailez mozorrotuta, konpartsen kategoriako bigarren saria eskuratu genuen.

Similar Posts