Junkal Arruti Tena (Animalistak): “Edozein gai tratatu daiteke ikuspuntu antiespezistatik, animalien zapalkuntza sustatu gabe”
Animalistak kolektiboak, iazko abenduan, Matxinorroprotesta haurrentzako ipuina itzuli zuen, jatorriz La revobulliprotesta. Liburu horrek oihaneko animalien irudien bidez azaleratzen du animaliek zoo eta akuarioetan pairatzen duten gatibutasuna, eta argi uzten du erresistentziarako gaitasuna badutela eta atsegin ez dutenaren aurrean protesta egiten dutela. Ipuina euskaratu duen kolektiboko kide da Junkal Arruti Tena, baita 3 urteko txiki baten ama euskaldun eta antiespezista ere. Harekin gelditu gara Matxinorroprotestaren eta gurasotasun antiespezistaren inguruan hausnartzeko.
Animalistakek Matxinorroprotesta ipuina itzuli zuen iaz, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen. Zer kontatzen du ipuin horrek eta zergatik da berezia?
Niretzat, berezia da bere xede publikoarengatik. Normalean ez dugu libururik txikitxuentzat antiespezismoari lotuta. Topatzen ditugun gehienak txakur edo katuen ingurukoak dira, edo animaliak humanizatzen dituzte, edo, bestela, animaliak jateko produktu gisa agertzen dira. Matxinorroprotestak, aldiz, oihaneko animalien bizimodua erakusten du, baita animaliak zoologikoetan nola egoten diren ere, haurrentzat azalduta. Gainera, oso interesgarria iruditzen zaigu nola apurtzen dituen animalien arteko hierarkiak, hasieran, lehoia denen erregetzat duten bitartean, amaieran, oihaneko animalien arteko harreman horizontala ezartzen da. Guk gainera, gure txikiari kontatzen diogunean, amaiera aldatzen dugu. Herritarrek zoologikoan dauden animaliekin enpatizatu eta kaioletatik beraiek ateratzen dituztela kontatzen diogu, bestela, sentsazioa dugu gizakiak beti ari garela animaliak kaltetzen, baina ez du zertan horrela izan.
Ipuinengatik, sentsazioa dugu
gizakiak beti ari garela animaliak kaltetzen, baina ez du zertan horrela izan
Oihanean lasaitasuna zen nagusi, baina egun batean…Txak! Dena aldatu egin zen une batean. Gizakiek gainontzeko animaliak harrapatu ohi dituzte horien kontura dibertitzeko… eta horixe bera egin zuten oihanean.
Liburu honek animaliek zoologikoetan bizi duten egoera latza azaleratzeaz gain, askatasunari buruz hausnartzen du, baita elkarlanari buruz ere, aske izateko tresna gisa.
Nolakoa izan da argitaratze prozesua?
Animalistak kolektiboak, liburu postua jarri zuen azoka batean, euskarazko ipuin antiespezisten falta sumatu zuen azokara seme-alabekin gerturatzen ziren guraso euskaldun kopuru handia ikusita. Hori dela eta, kezka asanbladara eraman, eta Ochodoscuatro argitaletxearen katalogoan gazteleraz dagoen La Revobulliprotesta itzultzea erabaki genuen. Gainontzekoa, oso erraza izan da, batez ere, Ochodoscuatro eta ipuinaren egileak bidelagun izan ditugulako prozesu osoan zehar.
Haurrentzako material askorik dago ikuspuntu antiespezista batetik?
Gutxi batzuk ezagutzen ditugu, sare sozialetan ikusten ditugunak edo lagunek gomendatzen dizkigutenak, baina ez dago liburutegi antiespezistarik, edo sikiera, liburutegian, antiespezismoarentzako atal bat. Euskaraz, are gutxiago. Nire ustez, ez da halako liburu asko saltzen publiko antiespezistarantz bideratuta daudelako, hots, publiko oso zehatz baterantz.
Eskasia horren aurrean, gure txikiari kontatzen dizkiogun ipuinak moldatu behar izaten ditugu, baina espezismoa hain normalizatuta dago, askotan, marrazkiek ere zaila jartzen digutela; esate baterako, norbait oilo bat jaten agertzen bada, azalpena zaila izaten da.
Zein da horretarako konponbidea?
Ikuspuntu antiespezistatik egindako ipuinak ipuin normalizatu gisa argitaratzea, hau da, edozein gai tratatzen dituzten ipuinak perspektiba antiespezistatik idatziak egotea. Orain arte ditugun haurrentzako liburu askok animaliak produkturako kontsumogai gisa tratatzen dituzte, bereziki abereak, baina, animaliei buruz idatzi nahi badugu, posiblea da beren bizitzei eta beharrizanei buruzko ipuinak sortzea. Beste edozein gai ere tratatu daiteke ikuspuntu antiespezistatik, animalien zapalkuntza sustatu gabe.
Orain arte ditugun haurrentzako liburu askok animaliak produkturako kontsumogai gisa tratatzen dituzte
Nola irakasten diete guraso antiespezistek haurrei “baserriko animaliak” zer diren?
Guk ez dugu ezberdintzen abereen eta gainontzeko animalien artean. Gure txikiari irakatsi diogu denak animaliak garela, eta bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak erakusten dizkiogu. Batzuetan, adibidez, animaliak hesituta ikusten dituenean, galderak sortzen zaizkio, eta animalia horien sentipenei buruz hitz egiten dugu: “Uste duzu behi horrek hesi barruan egon nahi duela?” eta garbi dauka ezetz. Senitartekoak animaliak jaten ikusten dituenean ere galdetzen die zergatik egiten duten hori, baina ez dute jakiten zer erantzun eta zalantzarekin geratzen gara.
Zuen txikiak 3 urte ditu eta antiespezismoan hazi duzue. Zein harreman du gainontzeko animaliekin eta nola ulertzen du inguruko pertsonen espezismoa?
Guk influentzia nabarmena dugu gure txikiaregan eta gainontzeko animaliekiko enpatian hezi dugu, baina eskolan, lagun artean eta gizartean zenbat eta gehiago sartu, gure influentzia antiespezista geroz eta txikiagoa izango da. Hainbeste espezismo dago, nabaritzen hasi garela, 3 urte dituen honetan, nola inguruko espezismoa geroz eta gutxiago jartzen duela zalantzan.
Halere, ezberdintasunak daude beste haurrekiko. Esate baterako, ez du ulertzen beste umeek usoak zergatik beldurtzen dituzten, harentzat, haurrak eta usoak berdinak dira, baina besteentzat ez.
Nola jokatzen duzue gainontzeko gurasoen aurrean?
Gehienek ez dute jakiten antiespezismoa zer den ere, orduan, nahiago dugu ez sartu. Halere, konfiantzazkoak badira eta kuriositatea dutelako galdetzen badigute, azaltzen diegu, gaiari buruz hausnartzen dugu. Batzuek interes handia dute, baina laguntza sare bat behar da, bakoitzaren praktikak eta argumentuak konfirmartzeko, militantziak, Animalistakek, parte hori eman dit niri, baina eskolako gurasoen munduan horren falta dago.
laguntza sare bat behar da, bakoitzaren praktikak konfirmartzeko,
baina eskolako gurasoen munduan horren falta dago
Zergatik da garrantzitsua material antiespezista euskaraz izatea?
Erreferentziak edukitzeko eta antiespezismoa eta euskara normalizatzeko. Horrek guraso euskaldunen bidea samurtuko luke; istorioak asmatu ahal ditugu, baina bereziki horretarako sortutako liburuak badaude, askoz hobeto. Feminismoan oso argi ikusten da zein den emakume ezberdinen bizitzak kontatzearen garrantzia, beren beharrizanak ikusteko; animaliekin berdina gertatzen da, adibide bat jartzearren, behiei buruzko istorioak behar ditugu ulertzeko behien beharrak beren txahalekin egotea, elikatzea eta garbitzea direla, ez ordea txahalak erditu ahala kentzea. Animalien beharrizanak azaltze hori santutegiek primeran egiten dute, nik asko ikasten dut beren sare sozialetan, baina haurrei azaltzeko ipuinak behar ditugu, eta euskaraz badaude, askoz hobe.