Irantzu Varela: “Feminismoa eta LGTBI borroka faxisten etsaiak dira, baina gero eta gehiago gorroto dute beganismoa ere”
Irantzu Varelak bere lehen liburua argitaratu berri du: Lo que quede (2024). Idazlea da, baina baita feminista, antifaxista, lodia, lesbiana, azkarra eta ezkertiarra ere. Horrela definitzen du bere burua; “gorrotatzen duten guztia naiz”, dio: “ezin naute nahierara kontrolatu, ezin didate mansplainingik egin, ezta limurtu ere”. Bere liburuak jasotzen du nola bere gorputza eta beste hainbatena zeharkatzen zituzten indarkeriak antzemateko gai ez zen Irantzu, indarkeria horiek seinalatu eta salatzeko bidea aurkitu duen feminista bilakatu den. Sare sozialetan ere egiten du aktibismoa, non txalo beste zentsurarik gabeko irain jasotzen dituen. Hori nahikoa ez dela, orain antiespezismoaz hitz egiten hasi da, apaltasunez bada ere, baina oso ondo daki non sartzen ari den.
Konta iezaguzu, oraindik zure zure liburua irakurri ez dutenentzat, zer aurkituko dute? Nori gomendatuko zenioke?
Esango nuke liburuak kontatzen duela min batzuk nola sendatu diren eta nola bihurtu diren amorru eraldatzaile. Kontatu nahi izan dut nola igarotzen den pertsona bat bortizkerietan murgilduta bizitzetik, pozik eta lasai bizitzera. Nik, printzipioz, edonori gomendatuko nioke, baina batez ere, indarkeriak bizi izan dituzten eta horiek desinfektatzeko eta sendatzeko prest daudela dakiten pertsonei, bereziki, emakume horiei.
Liburuaren egitura ezohikoa da, apurtzailea… Zuretzat idatzi duzulako da, argitaratzeko asmorik gabe, edo berariaz bilatu al duzu?
Idatzita nituen testuetako batzuk liburu bat izango zirela argi izan nuenean konturatu nintzen egitura bat behar nuela. Nire buruan denak du zentzua, baina ez naiz pentsamendu egituratua duen pertsona bat, horregatik pentsatu nuen egitura bat behar nuela irakurleei tranparik ez egiteko, eta istorioa kontatzen duten ikuspegiak, gaiak eta hiru ahotsak mugatzeko. Egitura hori ere behar nuen liburua noiz amaitu behar nuen argi izateko, zaila baita jakitea noiz bukatu duzun auto-fikziozko liburu bat, beti erantsiko edo sakonduko zeniokeelako zerbait.
Gainera, interesgarria iruditzen zitzaidan jendeak nahierara irakur dezakeela jakitea; adineko andreon kontua da hau, baina Aukeratu zure abentura liburuak bezala. Ni Basauriko langile-klaseko haurra nintzen, eta ez zegoen liburu askorik nire etxean; beraz, neuzkanak behin baino gehiagotan irakurri behar izaten nituen berriak iritsi zain; niretzat, bikainak ziren, inoiz ez zirelako berdinak. Horregatik gustatzen zait jendeak nahi duen moduan irakurtzea, hasieratik bukaerara, edo aurkibideko zenbakiei jarraituz, adibidez.
Zure liburuan argi ikusten da borroka askotan militatzen duzula. Aktibismoz egiten duzu, egin nahi duzulako, ala lasai bizi ahal izateko egitera behartuta zaude?
Ez dut desberdintzapen hori egiten. Aspaldi ez dut astirik asteroko asanbladetan eta horrelakoetan ibiltzeko, baina aldarrikapen eta borroka askotan sartuta nago, bizitzeko behar dudalako; injustizien aurrean pasiboki egotea asko kostatzen zait. Batzuetan, zerbait aktiboki egin dezakezu, eta beste batzuetan, behintzat, salaketa-mekanismoetan parte hartu. Niretzat nire bizimodua da; oso arraroa egingo litzaidake 9:00etatik 17:00etara militantziarik gabeko bizitza bat edukitzea, eta arratsaldez aktibismoa egitera joatea; seguru asko pribilegio bat izango da, baina egiten dudan guztia, urrats txiki bat bada ere, amesten dudan mundua lortzeko ematen saiatzen naiz.
Zure liburuan, indarkeria mota askori buruz hitz egiten duzu eta gizakiz besteko animaliek pairatzen dutenari buruz ere zerbait aipatzen duzu, baina liburua aurkezteko egin dizkizuten elkarrizketetan ez dizute antiespezializismoari buruz galdetu. Zergatik uste duzu?
Esango nuke antiespezismoa oraindik ez dela jendeak horri buruz galdetzeko bezain ezaguna. Horrez gain, jakina, ni ez naiz antiespesmoaren erreferentea, inondik inora ere; funtsezkoa iruditzen zaidan borroka da, baina ikasten ari naiz. Interesa dut eta, ahal dudan neurrian, inplikatu egiten naiz, baina ez dut uste inork erreferentetzat hartu ahal nauenik, asko baitut ikasteko. Ulertzen dut, halaber, hedabide guztien agendan ez dagoen gaia dela, baina pozgarria litzateke laster egotea.
Nola iritsi zinen antiespezismora?
Ez dakit une jakin batean kokatzen interpelatzen nauten borroketara iritsi nintzen momentua, baina argi daukat gakoa izan zela Angela Davisek Euskal Herrira egindako bisita, klase-borrokaren, arrazismoaren eta feminismoaren erreferente izugarria baita. Berak oso planteamendu antiespezista landuak ditu; argi utzi zuen etorkizuneko borroka dela, eta horrek interpelatu ninduen eta asko hausnartu nuen horren inguruan. Gero, gaiari buruz irakurri behar izan nuen El Tornillorako bideoak egiteko. Batez ere, Catia Faria irakurri nuen, erreferente ikaragarria iruditzen zaidana. Gainera, zorionez, borroka honekin kontzientziatutako pertsonez inguratuta nago, eta asko lagundu didate. Ia borroka guztietan gertatzen den bezala, norbaitek zirikatzen zaitu, bilatzen hasten zara, eta konturatzen zara gaiaz asko dakien jendeaz inguratuta zaudela.
Angela Davisek argi utzi zuen antiespezismoa etorkizuneko borroka dela; horrek interpelatu ninduen, eta asko hausnartu nuen horren inguruan
Zalantzak izan zenituen zure liburuan keinu antiespezistak sartzerako orduan?
Ez naiz mugimendu antiespezistaren erreferentea, erridikulua litzatekeelako ni izatea, baina, ahal dudan neurrian, borroka oso duina iruditzen zait, eta suposatzen dut aipamen horiek oso modu organikoan sartuko nituzkeela liburuan. Oro har, ez dut erreibindikazioak sartzeko ahaleginik egin, buruan ditut, besterik gabe, eta ahal badut, txapa emango dizut animalia-jatorriko elikagairik ez afal ez dezazun; ez bada momentua, ez dut egingo, ez, baina ahal badut, txapa emango dizut.
Pertsona antiespezistok edo beganook ere indarkeria jasaten dugu, izate hutsagatik: irainak, mespretxua, etab. Zer gogoeta egiten duzu horretaz?
Sare sozialetako kontu beganoak jarraitzen hasi naiz, eta konturatu naiz faxisten etsai nagusia direla. Ez hainbeste antiespezismoa, ulertzeko oso zaila zaielako, beganismoa baizik. Noski, faxisten etsai nagusiak feminismoa eta LGTBI borroka dira, baina, bat-batean, beganismoa ere horien pare dago. Nik sumatu dut, noizbait sare sozialetan “mesedez, ez jan animaliarik” esaten badut, edo tauromakia salatzen badut, adibidez, neurriz kanpoko erasoak jasotzen ditudala. Gauza bera gertatzen zaie gainontzeko kontu beganoei. Antiespezismoa bakoitzaren banakako praktikengan eragin handia duen borroka da, baina nik ikusten ditudan pertsona begano gehienek ez dute ia proselitismorik egiten. Jarraitzen ditudan kontuek, gehienez ere, errezeta beganoak partekatzen dituzte, edo produktuak gomendatu. Hala ere, nire ustez, antiespezismoak feminismoaren edo LGTBI borrokaren mailan interpelatzen zaitu, zure bizi-ohiturak zalantzan jartzen baititu.
Beganismoa iraintzen dute;
antiespezismoa ulertzea oso zaila egiten zaie
Adibide zehatz bat aipatzearren, duela pare bat urte antiespezismoari buruzko bideo bat egin nuen, oso orokorra zena, baina jende askok idatzi zidan, sekula idazten ez didaten pertsona ezagunak ere, eta, bat-batean, abeltzaintzaren eta haragiaren defendatzaile sutsuak ziren. Konturatu nintzen deseroso sentitu zirenetako asko, nirekin beste borroka batzuk partekatzen ditutela, feminismoa, adibidez. Haien kontrako erasotzat hartu zuten, edo, behintzat, interpelatuta sentitu ziren.
Errazagoa al da irain espezista bati aurre egitea adibidez, irain edo kritika lesbofobo edo gordofobo bati baino, kontuan izanda antiespezismoan gizakiok ez garela borrokaren subjektu politikoa?
Ez dakit errazagoa den, baina, ikusi dudanez, irainen maila nahiko kaskarra da. Erasoak txuletoien argazkiak izaten dira. Beharbada, izango da borroka hori oraindik ez dagoelako mainstream agendan, eta oraindik ez direlako feminismoari eta beste borroka batzuei erantzuteko bilatu dituzten “argudioekin” armatu. Beganismoaren kontrako irainetan ez dago elaboraziorik, baina ez dut uste borrokaren subjektuagatik denik; izan ere, adibidez, ni ez naiz arrazismoaren aurkako borrokaren subjektua, eta bortizkeria-maila izugarria da, ez zait beti erraza egiten erantzutea. Beste borroka batzuek pairatzen dituzten irain eta “argudioekin” alderatuta, beganismoaren kontrakoak oso oinarrizkoak dira, eta zezenketazaleenak tamalgarriak ere. Erantzuten diedanean pasatzen ari naizen sentsazioa ere daukat, baina, gero, zezenekin zer egiten duten pentsatzen dut eta pasatzen zait. Beraiek animaliak zapaltzen dituzte. Orduan, pentsatzen dut: “lapur bati lapurreta egitea ez baldin bada lapurreta”, orduan, zapaltzaile bat zapaltzea, ez da zapalkuntza izango.
Beganismoaren kontrako irain maila nahiko kaskarra da, beste borroka batzuen aurkako kritikak gehiago garatzen dituzte
Amaitzeko, zoritxarrez, gaurkotasuneko gai bat daukat, Palestinako gatazka. Israelgo Estatua herri bat sarraskitzen ari da emakume soldaduak dituen armada bat erabiliz; hau da, emakumeen ahalduntzea baliatzen ari da palestinarrak erailtzeko. Nola liteke hain balio beliko bortitzak sartu izana bere burua feministatzat duen gizarte batean?
Israelgo estatua munduko propaganda-makinarik ankerrena da. Espero dut beren burua feministatzat izateko balentria ez izatea. Demokraziatzat jotzen den eta herritartasun etnikoa duen estatu bakarra da, eta, gainera, bere legeetan tortura baimentzen duen bakarra. Nire ustez, ezin da estatu demokratikotzat hartu; propaganda-makina bat dira. Homonazionalismoaren bandera atera dute, hau da, LGTBI komunitateko pertsonen ustezko askatasuna erabiltzen dute beren aberriaren propaganda egiteko, baina, bitartean, berdintasunezko ezkontza debekatuta dute, erlijio desberdinetako pertsonen arteko ezkontzak bezala. Orain, emakumeek armadan parte hartzea berdintasunaren aldeko aurrerapauso gisa planteatzen ari dira. Horrek ez du feminismo izpirik ere. Emakume horiek feministak direla uste dute, baina modu bortitzenetan hiltzen ari dira, eta neskato txikiak palestinarrak direlako bortxatu eta bizirik lurperatzen dituzten kideen konplize dira. Imajinatu zer iritzi dudan beren feminismoaz.
Argi dago gai direla edozein propaganda egiteko, Estatu horrek ez baitu inolako kontzientziarik eta ez baitu giza duintasunarekiko errespeturik. Gertatzen dena da agenda feministak hainbeste aurrerapen izan dituela, dagoeneko, zentzu komunaren parte direla. Orain dela gutxi arte aldarrikapen feministak ziren aldarriez ari naiz, eta orain, mundu guztia, kolore guztietako faxistak barne, saiatzen da emakumeen ahalduntze diskurtsoaz jabetzen bere propaganda propiorako, baina urrutitik antzematen zaie ez direla bat ere feministak.