|

Micky Paiano eta Vitxo Bilbao (AVEfest): “Boluntarioak dira jaialdi honen arima”

AVE fest musika jaialdiaren 6. edizioa hartuko du asteburu honetan Portugaleteko Sastraka gaztetxeak. Urtero, santutegi batentzat dirua biltzeko, kontzertuak, tattoo circusak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta beste hainbat ekintza biltzen dituen kartela osatzen dute, dena, punk eszenan eta giro apartan murgilduta. Festibala 2016tik muntatzen duten hiru antolatzaileetako birekin hizketan aritu gara, Micky Paianorekin eta Vitxo Bilbaorekin.

Noiz eta nondik sortu zen AVEfest jaialdia?

Vitxo: Ideia 2010eko hamarkadaren hasieran izan genuen. Gu musikariak gara, eta beti gabiltza kontzertuak antolatzen, baina gizakiz besteko animaliei laguntzeko zerbait egin nahi genuen. Behin, San Frantzisko kaletik lagun batzuekin buelta bat ematen, bi ideiak elkartu eta hortxe hasi zen AVEfest jaialdiaren proiektua ernaltzen. Hala ere, urte batzuetan geldirik izan genuen, eta 2016an antolatu genuen lehen jaialdia.

Esanahi berezirik al du izenak?

Micky: Hasieratik izan da AVE jaialdia, fenix txoriaren sinbologiarekin jolasten duena, baina jaialdiaren nortasuna islatzen duten siglak ere badira, A anarkismoarengatik, V beganismoarengatik eta E berdintasunagatik (equality).

Micky: Zoratuta gaudelako! (barreak)

Vitxo: Erokeria hutsa da horrelako jaialdi bat hiru pertsonaren artean antolatzea, baina boluntarioei esker lortzen dugu. Edizio bakoitzean, 60 edo 70 bat pertsonak kolaboratzen dute txandak egiten, baina ez hori bakarrik, beste lan boluntario asko ere badago. Esate baterako, gozotegiek postreak ekartzen dizkigute bertan saltzeko eta taldeek beren mertxandisinga ere doan ematen digute postu bat jartzeko.

Micky: Boluntarioak jaialdi honen arima dira. Batzuk urrutitik etortzen dira, Burgostik, Madrildik… eta ez digute ezertxo ere trukean eskatzen, ez soinu teknikariak, ez hizlariek, ez taldeek, ez sukaldariek, ez inork. Guk ahalik eta erraztasun gehien jartzen diegu ostatua emanez eta garraio gastuak ordainduta, baina askok ez dute diru hori ere hartu nahi izaten; ulertzen dute jaialdi honen helburua santutegi batean bizi diren animalientzat dirua biltzea dela.

Hori al da AVEfest jaialdiaren helburu bakarra?

Vitxo: Bai, urte bakoitzean dagokion santutegiarentzat ahalik eta diru gehien biltzea. Ez dut uste kontzientziazio lana egiten dugunik; militantziagatik datozen pertsonak ez ditugu kontzientziatu behar, eta besteak musikagatik etortzen dira. Ez dugu txaparik eman nahi, dirua besterik ez (barreak).

Micky: Hala eta guztiz ere, saiatzen gara hitzaldi batzuk eskaintzen, batez ere, pertsona antiespezistei begira. Beste edizio batzuetan, Catia Faria filosofo feminista izan dugu, Aitor Garmendia fotokazetariaren liburuaren aurkezpena… Aurten ez dugu hitzaldirik lortu, baina saiatu gara; horrela, beharbada antiespezismora hurbilduko ez litzakeen jendea, kontzertuetara edo tattoo circusera etorri eta antiespezismora ustekabean iritsi daiteke.

Iaz 500 pertsona baino gehiagoko publikoa lortu zenuten. Zelako bilakaera ikusi duzue AVEfest jaialdia jaio zenetik hona?

Vitxo: Pertsonen kopurua kontzertuen araberakoa da, ez antolakuntzaren araberakoa, baina egia da urteekin eskarmentua hartu dugula. Aurten, adibidez, komisio berriak sortu ditugu antolatzaileoi pisua kentzeko, eta haurrentzako ekintzaren bat sartu behar genuela konturatu eta film baten proiekzioa programatu dugu, Okja.

Micky: Intersekzionalitateari garrantzia ematen ere ikasi dugu; guretzat oso garrantzitsua da emakumeak dituzten taldeak izatea, baina aurten kostatu zaigu. Gizonekin konparatuta, musikaren munduan emakume gutxiago gara. Gu saiatzen gara talde bakoitzean emakume bat gutxienez egotea; ezinbestekoa iruditzen zaigu beren lana ikusaraztea, baina ideala besterik ez da. Emakumeak dituzten talde batzuk aurkitzen ditugu, baina etorri behar izan behar dute, doan jotzeko gogoa izan, eta gehienak, urrutitik etorri behar dira. Horrek suposatzen du diru gutxiago geratuko dela santutegiarentzat, beraz, erabaki behar izaten dugu.

Intersekzionalitateari garrantzia ematen ere ikasi dugu; guretzat oso garrantzitsua da emakumeak dituzten taldeak izatea

Nola erabakitzen duzue edizio bakoitzean zein santutegiri egingo diozuen dohaintza?

Micky: Oso zaila da, arazo puntualen bat izan duen bat aukeratzen dugu, baina bati hesia hautsi zaio, besteak sute bat izan du, bestea santutegitik bota nahi dute… Aurten hautatutakoak, León Veganok, santutegia inguratzen duen hesia handitu behar du gaur egungoarekin animaliek ihes egiten diotelako, eta horrek arazoak sortzen dizkio bizilagunekin eta, gainera, arriskutsua da ehiztarien gune batean daudelako.

Vitxo: Gure ekarpena oso apala da. Badakigu santutegiak hondorik gabeko zuloa direla, baina uste dugu aletxo bakoitza garrantzitsua dela. Lehenengo edizioan, 700 euro besterik ez genuen bildu, baina iaz, taldeei esker, 4.000 ematea lortu genuen. Urteren bat ere ona izan da tatuatzaileei esker, baina urtean behin dirusarrera txiki bat egitea ez da ezer etengabe funtzionatzen duen santutegi batentzat. Hala ere, ilusioz jarraitzen dugu santutegiei laguntzen.

Similar Posts