|

Pintxo % 100 begetalak txapeldun!

Konpartsakide egunean, konpartsen arteko elkarlana izan zen nagusi, eta, pintxo lehiaketan, animalien sufrimendurik gabeko bi pintxo heldu ziren podiumera

Aste Nagusirako 30 egun falta direla aitzakia hartuta, udako klima eta elkarlana ospatu dituzte konpartsakideek Konpartsakide Egunean. Kolorezko kamiseta artean, mahaiez eta aulkiz bete dute Areatza, jaigunea izango dena, eta hainbat jarduera antolatu dituzte euren artean gozatzeko eta bilbotarrei Marijaia datorrela esateko. Areatzan, ia ia Aste Nagusiko giroan, erabateko arrakasta izan du sagardo dastaketak, eta barazki banaketak eta photocall-ak ere konpartsakideak eta konpartsakideak ez direnak gustura hartu dituzte.

Konpartsa bakoitzak bere gunea izan duen arren, pintxo lehiaketan bildu dira bakoitzeko sukaldari onenak. Tomatea, kuiatxoa eta meloia derrigorrezko osagai gisa hartuta, uda zaporeko barra eder eta anitzarekin zoratu dute epaimahaia. Azkenean, bi pintxo beganok eskuratu dituzte lehen eta bigarren sariak, Kaixo konpartsarenak eta Piztiakenak, hurrenez hurren. Piztikideok ezin sinetsita hartu dugu albistea. “Orain arte, gastronomia beganoa asko gutxietsi izan da, eta bi pintxo onenak erabat begetalak izatea oso garrantzitsua da guretzat”, dio Ziortza Larreategi ibilbide luzeko piztikideak. “Iaz, Aratusteetako tostada lehiaketa irabazteko zorian egon ginen, eta sari hau garaikur bat baino gehiago da”.

Eguna amaitzeko, bingo musikatua egin dute konpartsek, eta, ostean, argazkia atera, eta DJ Reimyren kalejira gozatu dute Alde Zaharrean zehar.

Similar Posts