Animalien askapena
Espeziearen araberako diskriminazioa da. Diskriminazio hori antropozentrismoan oinarritzen da, hots, gizakiak gainontzeko animalien gainetik jartzeko joeragatik. Joera hori munduan nagusi diren kultura gehienetan naturalizatu da, eta, ondorioz, gizakiok gainontzeko animaliak zapaltzen ditugu, baita animalien arteko jerarkiak ezarri ere, esate baterako, Mendebaldeko gizartean hurbilago sentitzen ditugun txakurren edo katuen interesak behien edo txerrien interesen gainetik jarrita.
Gizakiok egunero zapaltzen ditugu beste animaliak, baina hain dugu naturalizatuta, gehienetan ez dugula ikusi ere egiten. Elikadurari dagokionez, ez dugu hausnartzen platerean dugun norbanakoak zer sufritu duen horra heldu arte, baina ez hori bakarrik; beste animaliak zapaltzen ditugu larruzko zapatekin janzteko, produktu kimikoak frogatzeko, edota aisialdirako ere. Azken horretan sakondu nahi baduzu, ikusi euskal jaietan gizakiz besteko animalien erabilerari buruzko dokumental hau:
Espezismoaren kontra borrokatzeko sortu zen erreakzioa da. Hori dela eta, espezismoak diskriminatzen dituen animalia guztiak askatzea du helburu, haiek menderatzeko normalizatu den zapalkuntza-sistema iraulita. Hori dela eta, pertsona antiespezistok uko egiten diogu animaliak bidegabe esplotatzen dituen edozein produktu edo praktikari, hala nola, haiek jateari, beren larruekin janzteari, animaliak erabiltzen dituzten aisialdiko ekintzei, horiengan testatutako produktuei, etab.
Historia apurtxo bat
Betidanik izan dira gizakion zapalkuntzatik gainontzeko animaliak askatzeko saiakerak, saiakera indibidualetatik edo XVIII. mendean egin ziren bibisekzioaren kontrako protestetatik hasita. Halere, 1960ko hamarkadaren amaieran, Erresuma Batuan Animalien Askapen Mugimenduak indar berezia hartu zuen, bai aktibista kopuruari begira, bai ekintzen eraginkortasunari begira. Horrela, inpaktu handia izango zuten taldeak sortu ziren: Ehiza Sabotatzaileak, Animaliak Askatzeko Frontea (ALF) eta animaliak askatzeko liga batzuk, beste batzuen artean. Gainera, garai hartan argitaratutako bi liburuk garrantzi nabarmena izan zuten: Ruth Harrisonen Animal machines (1964) eta Peter Singerren Animal Liberation (1975). Talde horiek lorpen nabarmenak lortu zituzten aktibismoaren eta ekintza zuzenaren bidez: milaka animalia esplotazio zentroetatik askatu, gizarteari haztegi eta hiltegietan animaliek pairatzen dutenaren irudiak erakutsi edo enpresa esplotatzaileak isolatu SHAC eta antzeko kanpainen bidez. Aktibismo mota hori laster zabaldu zen Amerikako eta Europako beste herrialde askotara.
Hari horri jarraiki heldu da Animalien Askapen Mugimendua Euskal Herrira ere, eta animaliak giza zapalkuntzatik askatzeko jaio zen Piztiak konpartsa antiespezista, baita beste hainbat eragile ere, gutxi batzuk aipatzearren, NOR Euskal Herria Antiespezista, Zaunk antiespezista, Roke Enea santutegia, Hakuna Matata protektora eta Animalia Ikasketa Kritikoak unibertsitateko taldea.
Animalien askapen mugimenduari eta antiespezismoari buruz gehiago jakin nahi baduzu, liburu eta ikus-entzuneko hauek gomendatzen dizkizugu:
Animalien askapenerako gogoetak fanzinea, Zaunk Iruñerria antiespezista kolektiboarena. Gure gomendio nagusia da antiespezismoa zerotik ezagutu nahi duen norbaitentzat.
NON ESKURATU?
Gure azoketan, eta, itxaron ezin baduzu, jarri gurekin harremanetan.
Lorratzean dokumentala, NOR kolektiboarena. Animalien askapen mugimendua eta euskal antiespezismoa ezagutuko dituzu.
Aterpetuak argazki-liburua, Aitor Garmendia fotokazetariarena, NOR kolektiboak itzulia. Santutegien lana ezagutuko duzu, ezinbesteko lana antiespezismoarentzat.
Goseak akabatuak liburua, Bob Torresena, NOR kolektiboak itzulia. Animalien eskubideen ekonomia politikoa jorratzen du argitalpen honek, hots, gizarteak animaliak sentitzeko gaitasunik ez duten produktu gisa tratatzen dituela mahaigaineratzen du.