Bilbo Bassaterra (Futuro Vegetal): “Aldaketa bultzatzen ez dugun egun bakoitza kaos klimatikorantz garamatzan egun bat da”

“Biharko hitzaldia bertan behera utzi beharko dugu, sentitzen dut, Frantzian atxilotu gaituzte”. Hori zen Bilbo Bassaterrak bidalitako azken mezua, iazko abenduan. Antolatzen ari ginen Bilboko Azoka Beganora etortzekoak ziren Bassaterra eta bere bizilaguna, beren aktibismoaren inguruko hitzaldia ematera, baina abenduaren 2 hartan, kartelean genuen hitzaldirik jendetsuena izango zena ikusi gabe geratu ginen. “Polizia Nazionalak organizazio kriminaltzat jo gaitu, eta Frantziari atxilotu gaitzaten eskatu dio”, esan zidan. Handik ordu gutxira, Madrilen organizazio kriminaltzat jo berri zuten talde bereko beste 20 kide atxilotu zituztela ikusi genuen hedabideetan. Hiru hilabete beranduago, bere izena duen hirian bildu gara, Zazpikaleetako kafetegi batean. Hiru egun pasa ditut aktibistekin Bizkaian egin duten hitzaldi zikloan, eta oso argi ikusi dut klima larrialdia arintzeko duen konpromisoa benetan serio hartzen duela aktibista klimatikoen talde honek, edo, Polizia Nazionalak dioen bezala, beren organizazio kriminalak, Futuro Vegetalek.

Zer eskatzen duzue?

Gobernuari eskatzen diogu abeltzaintzari dirulaguntza gehiagorik ez emateko. Haragiaren industria klima larrialdia gehien areagotzen duen sektoreetako bat da, eta, halere, azken urte eta erdian, 1.380 milioi euro jaso ditu Estatutik. Guk eskatzen dugu diru hori 100 % begetalak diren produktuak sortzera bideratzea, sozialki eta ekologikoki arduratsuak diren alternatiben bidez. Zer
esan nahi du horrek? Adibidez, hiltegi bat ixtean, langileei alternatibak ematea: beste lanpostu bat, lurrak edo soldata bat. Edo diru horrekin lehorteen eragina arindu dadin. Dirua badagoelako.

Haragiaren industria klima larrialdia gehien areagotzen duen sektoreetako bat da, baina azken urte eta erdian 1.380 milioi euro jaso ditu Estatutik

Zuen mezua helarazteko, hedabideen arreta deitzen duzue ekintza ikusgarri edo mozorro xelebreen bidez, eta atxilotzen zaituzteten arte itxaroten duzue. Zuen askatasuna arriskatzen duzue, baita osasuna ere, aireportuetako lurreratze pistetan baimenik gabe sartuta edo errepideak moztuta, adibidez. Zerk motibatzen zaituzte?

NBEn Aldaketa Klimatikorako Panelak datozen 40 urteetan klima larrialdiari lotutako aurreikuspenak betetzen ari dira, batzuk, gainera, espero baino lehenago. Horren aurrean, erakundeek ez dute ezer ere egiten; askotan, egoera larriagotu. Eta ez naiz soilik abeltzaintzari buruz ari, enpresa ekozida asko daude: Iberdrola, Repsol, Volkswagen… Klima larrialdiak gizakion eta gainontzeko animalien bizitzan izango duen eragina apaldu nahi badugu, gure esku dagoena egin behar dugu orain. Aldaketa bultzatzen ez dugun egun bakoitza kaos klimatikorantz garamatzan egun bat da. Leku askotan, jada, klima larrialdiak eragindako goseteak eta bestelako fenomenoak ikus ditzakegu. Ni Cádizkoa naiz eta, aurreikuspenen arabera, amak ur edangarria aurkitzeko arazoak izango ditu 2030ean. Hortaz, aktibismo klimatikoa egingo dut. Mehatxua zein da? Bizpahiru urte kartzelan pasatzea? Nahiago dut.

Hedabide batzuek “ekoterrorista” terminoa erabili dute Futuro Vegetaleko aktibistak izendatzeko, orain Polizia Nazionalak organizazio kriminaltzat jo zaituzte. Nola kudeatzen duzue hori?

Mugimendu ekologista kriminalizatzen saiatzen badira ere, aktibista klimatikoak garela errepikatzen diegu. Horrez gain, estrategia batzuk ditugu. Esaterako, “terrorista” deitzen gaituztenean, aprobetxatuta publiko eskuindarreko hedabideak izaten direla, aipatzen dugu guri terrorista deitzea errespetu falta iruditu ahal zaiela benetako terrorismoaren biktimei, hots, senideak edo gorputz atalak galdu dituzten pertsonei. Bestetik, hedabideetan dugun irudia zaintzen dugu: alkandora, betaurrekoak, ilea ondo orrazita… Bozeramaile naizenean, jende askok – zoritxarrez– gaizkileekin erlazionatzen duen itxura ekiditen dut. Gainera, tonu erlaxatua erabiltzen dut, eta errespetu handiz tratatzen ditut solaskideak, iraintzen gaituztenean ere.

“Terroristaz” gain, zer nolako irainak jaso dituzue?

Denetarik: “vándalos”, “gilipollas”… Asko infantilizatu gaituzte, eta aktibismoa nola egin behar dugun esaten digute. 2019ko Klimaren Gailurrean, Teresa Ribera Trantsizio ekologikoko ministroak esan zuen larrialdi klimatikoaren aurkako neurriak hartu ahal izateko, kaleetan presio handiagoa behar zutela, baina abenduan organizazio kriminaltzat jo gintuztenean, gure atxiloketa normala iruditzen zitzaiola erantzun zuen, “gurea ez dela protesta egiteko modua”. Zer nolako presioa nahi du, ba? Gutxi balitz, gure lanak ezertarako balio ez duela esaten digute behin eta berriz, baina Futuro Vegetalek dituen 2 urteetan ekologismoaren sektore asko askoz ere kritikoago bihurtu dira abeltzaintzarekin. Greenpeace bera abeltzaintza estentsiboa babestetik abeltzaintza mota guztiak gaitzestera igaro da.

Gure lanak balio ez duela esaten digute, baina FVk dituen 2 urteetan, ekologismoaren sektore asko
askoz ere kritikoago bihurtu dira abeltzaintzarekin

Zuen taktikak oso berritzaileak dira beste ekologista batzuenen alboan. Bitarteko oso gutxirekin ekintza sinple baina ikusgarriak egiten dituzue, eta, legezkotasunaren ertzetatik ibiltzen zarete, baina aurpegia estali barik. Zergatik aktibismo mota hori?

Desobedientzia zibil ez biolentoaren bidea hartu genuen aldaketa sakona eta azkarra nahi dugulako. M30 errepidea mozten baduzu, egin genuen bezala, hor dauden pertsona askok gorrotatuko zaituzte, baina horien % 10ak pentsatzen badu zergatik egin duzun, arrakasta komunikatiboa izango da; ehundaka edo milaka pertsonengana helduko gara, are gehiago, gero hedabideak badatoz. Ikerketa batzuek guk egiten dugunaren moduko desobedientzia zibila aldaketa sozial sakonak azkar lortzearekin lotzen dute.

Zer moduzko harremana duzue hedabideekin? Zuen aktibismoa ulertzen dute? Klima larrialdiaren larritasunaz jabetzen dira? Eta espezismoaren larritasunaz?

Klima larrialdia interesatzen zaie, baina gizakiz besteko animalien ongizatearekin ia ez dira arduratzen. Areago, aktibista beganoz ari direnean, askotan, komunikazio era polemikoa duten profilak bilatzen dituzte, esate baterako, Almas Veganas santutegiko neskak, zeintzuek “les gallines” erako hizkera darabilten, bere garaian telebista kate askok parodiatu zutena. Hedabideek horrelako profilak bilatzen dituzte mugimenduaren irudia kaltetzeko, argi dago. Abeltzain edo toreroekin hitz egin behar dutenean, ez dute jotzen komunikatzen ez dakien batengana.

Erridikulizatzen zaituztete, beraz?

Bai, baina lan handia egin dugu. Espazio askotan, jada, ez gaituzte jotzen zer nahi duten ez dakiten gaizkiletzat, baizik eta aktibistatzat, eta ulertzen dute zein den gure kezka, mundu guztiaren kezka izan beharko lukeena.

Jazarpen polizial handia salatzen duzue sare sozialetan. Mugimenduari kalte egin dio?

Ekintza batera goazenean, atxilotuko gaituztela dakigu; arazorik ez. Baina iazko abenduan, Polizia Nazionalak organizazio kriminaltzat jo gintuenean, espero gabe atxilotu eta galdeketa latzak egin zizkiguten, aktibiston artean mesfidantza sortzeko. Aurretik, poliziako agente bat infiltratu izan ziguten, eta atxiloketa horien ondoren, susmoak edonon. Taldea pot eginda utzi zuen horrek. Hala eta guztiz ere, jazarpena gure eraginaren isla dela uste dugu. Eragile politikoak gerturatzen zaizkigu, Ione Belarra kasu, gure egoerarekin kezkatuta daudelako. Gu ez gara politikaren zale uste baitugu behar dugun aldaketa ez dugula bide horretatik lortuko, baina polizia atzetik datorkizunean horien aldetik nolabaiteko zilegitasuna lortzea eskertzen da.

Poliziako agente bat infiltratu ziguten, eta atxiloketa horien ondoren, susmoak edonon. Taldea pot eginda utzi zuen horrek

Similar Posts