2. saria Piztiakentzat Bilboko Aratusteetan

Konpartsa antiespezistako kideok toreatzaile langabeen jantziei hezur-mamia ipini diogu zezenak torturatzea arterik ez dela aldarrikatzeko

Espero gabeko 2. saria jaso du Piztiak konpartsa antiespezistako kideon lanak 2023ko Bilboko Aratusteetan. Konpartsakideak langabezian dauden toreatzailez mozorratu, eta aldarrikapen antitaurinoak festarekin batu ditugu giro ederrean.

Piztiak konpartsa antiespezista 10 urte betetzear den honetan, xehetasun osoz landutako proposamena ekarri nahi izan dugu aurtengo Aratusteetan Bilboko kaleetara. Hamarkada bateko eskarmentu erakustaldian, jantzia eskuz egin dugu hotzetik babesteko kirol arroparekin, baita Lanbideren egoitza irudikatzeko 6 metro luzeko egitura higikorra, Chayanneren bertsioa den abesti-koreografia eta pegatinak ere.

Larunbateko mozorro txapelketa, baina, Bilboko Aratusteen atal bat baino ez da izan. Konpartsakideok aste osoan zehar ibili gara batera eta bestera ekintzak antolatzen eta horietan parte hartzen. Esate baterako, igandeko tostada lehiaketan, garaipena lortzear izan ginen, 4. postua eskuratuta, 3. geratu zen taldearen puntu kopuru berberarekin. 

“Aktibismoa izan da sormenaren motorra”, dio Marta Vizcaya piztikideak, “gure konpartsa gizakiz besteko animaliei laguntzeko helburu garbiaz sortu zen, eta, hamarkada bat beranduago bada ere, animalion askapena lortzeko lanean dihardugu”. Hori dela eta, aurtengo aratusteetan zezen-plazetako jarduna salatu nahi izan dugu, “toreatzaileak langabeziara bidalita, benetako lan bat aurki dezaten”, diote.

Similar Posts