|

Tipi-tapa Noainen, tipi-tapa Bilbon

Piztiakeko konpartsakideok birritan egin dugu Korrika aurten, lehenengoz Noainen, kilometro antiespezista egin genuen Euskal Herriko mugimenduko gainontzeko kolektiboekin, eta, bigarrenez, Bilboko Konpartsen kilometroan

Antiespezismoa ere euskararen alde dagoela argi uzteko, iragan larunbatean, hainbat piztikide Noainera (Nafarroa) hurbildu ziren Korrikaren 551. kilometroa egitera, kilometro antiespezista, alegia. Korrikaldi hura Animalistak, Zaunk eta NOR kolektiboko kideekin batera egin zuten, baita kilometrora batu ziren beste hainbat lagunekin ere. Horrela erakutsi du aurten Euskal Herriko mugimendu antiespezistak euskararekin duen konpromiso estua. “Euskarak eta antiespezismoak elkarren beharra dute”, dio Irene Barañano Piztiakeko konpartsakideak eta Animalistak kolektiboko kideak. Berari egokitu zaio lekukoa eramatea, Zaunk talde antiespezistako Olaia Garaialde kazetariarekin batera. “Gainontzeko hizkuntzetan antiespezismoari buruz hitz egiten da, eta euskara ezin daiteke atzean geratu. Horrez gain, antiespezismoak euskaraz egin behar du tokiko kulturari eta gizarteari egokitzeko; gurea dela sentitu behar dugu”, dio Barañanok.

Lekukoa eramatea Barañanori eta Garaialderi egokitu zaie euskal komunikaziogintzan antiespezismoak azken urteetan egindako lanaren ikur. Iragan abenduan, euskal antiespezismoak hiru argitalpen berri eraman zituen Durangoko Azokara euskararen eta animalien askapenerako mugimenduaren aliantzaren erakusgarri. “Antiespezismoa eta euskara biak daude ertzetan, bakoitza ertz ezberdinetan, eta hor sinergia asko sor daitezke, harreman pila bat”, dio Garaialdek. “Guk normalizatu dugu gazteleraz edo frantsesez hitz egin behar dugula, Euskal Herriko segun zein tokitan, eta normalizatu dugu ere zein harreman mota izan behar dugun gizakiz besteko animaliekin; hortaz, euskara eta antiespezismoa uztartzen baditugu askoz Euskal Herri askeagoa eraikiko dugu”.

Bilbon, aldiz, lekukoa Bilboko Konpartsen federazioko txupinera Izaskun Pinedok eraman zuen, Pinpilinpauxa konpartsakoa bera, eta piztikideek haren atzetik egin zuten Korrika, kamiseta berde-beltza jantzita, harro, Kale Nagusian zehar. “Bilboko Konpartsek euskararen normaltzeari begira egiten duten lana izugarria da, ez soilik Korrikan edo Aste Nagusian, baizik eta urte osoan zehar”, dio Janire Roblesek, Bilboko Konpartsen Komunikazio, Prentsa eta Protokolo batzordeko kideak. Euskararekiko konpromiso horren erakusgarri xumea da konpartsen federazioak aurtengo kanpainarako aukeratutako lema “Hiri eta herri”, Gabriel Arestiren Harri eta herri maisulanari erreferentzia egiten diona.

Similar Posts